18/98+ Makrokontzertua BEC-en

Bi urte beteko ditu aurki 18/98+ Lantaldeak. Orain dela bi urte sortu zen ekimen hori Euskal Herriko gizarte, kultura, politika eta enpresa alorreko erakunde eta egitasmo askoren aurkako epaiketa juridiko-politikoei hasiera eman zien 18/98 sumarioari erantzuteko. Castellano

Sumario horiei guztiei “18/98 eta gehiago” izena eman genien, eta 1998az geroztik bere ondorioak igarri ditugu Espainiako Gobernuaren aginduei jarraiki Auzitegi Nazionalak hartutako hainbat neurrien bidez. Neurri horiek euskal herritar guztioi dagozkigun eskubide eta askatasun zibil eta politikoak urratu dituzte, eta zuzenean kaltetutako dozenaka lagunen banakako eskubideak ere birrindu ditu. Haietako batzuk torturatu egin zituzten, beste asko espetxeratu eta guztiak ere auzipetuta daude, salaketa eta eskaera fiskal larriekin.

Hasiera batean ikusi genuen euskal gizartean ez zegoela epaiketa horien inguruko informazio askirik eta jendea ez zela jabetzen epaiketa haien benetako ondorioez, helburuez edota eskubide demokratikoetan eragindako arriskuez. Horregatik, auzipetuta egon gabe ere egoera horrekin kezkatuta geunden pertsona batzuk auzipetutakoekin elkartu eta 18/98+ Lantaldea sortu genuen 2004an.

2005 urte hasieran lehenbiziko epaiketa egin zen gazte-erakundeen aurka, eta orduan argi eta garbi gelditu zen epaiketa haiek ez zutela inolako oinarri penalik. 2005eko azaroaz geroztik, ia urtebete daramatzate beraz, 18/98 sumarioko epaiketa egiten ari dira Madrilen, eta 50etik gora lagun daude auzipetuta. Joan-etorriek izugarrizko kostua eragiten dute, eta epaileek epairik eman aurretik auzipetuei ezarri zaien zigorraren zati bat da hori. Astean hiru egunetan Madrilen egon beharrak bestelako ondorioak ere eragiten ditu pertsona auzipetuengan: ondorio pertsonalak, lanekoak, fisikoak eta psikologikoak.

18/98+ Lantaldeak babesa eman die pertsona horiei hainbat ekimenen bidez. Horrekin batera, burugabekeria-sorta luze horrekin amaitzeko lan egiten dugu, orain egiten ari diren epaiketa behingoz eteteko eta gainerako sumarioak betiko artxibatzeko exijituz, eta Auzitegi Nazionala ixteko eskatuz, erakunde horren erabakiek eskubide zibil eta politikoen gauzapen askea murrizten eta urratzen dutelako.

Zeregin horretan, behar-beharrezkoa da gizartearen babesa, eta azken bi urteotan gure herriko gizartea jabetuz joan da makroepaiketa horien izaera politiko nabarmenaz eta erantzuten ari da, ondorioz. Horren froga dira 18/98+ Lantaldeak 2005ean eta 2006ean deitu eta Euskal Herriko alderdi gehien-gehienen, euskal sindikatuen eta euskal alderdi asko eta askoren babesarekin antolatutako manifestazio handietan parte hartu zuten milaka eta milaka lagunak. Horren eredu da Kaiera salaketa-egitasmoa ere. Egitasmo horretan euskal literaturako ordezkari gorenetatik hasi eta grafittiak marraztu zituzten gazteen adierazpideak arteko gogoeta eta pentsamenduak jaso ziren. Eta ekarpen ekonomikoen bidezko laguntza zuzena dugu, azkenik, ezinbestekoa inondik ere epaiketak eragindako gastu izugarriari aurre egiteko, eta kaleko jendearen eskuzabaltasunaren erakusgarri.

Harremanez eta erantzunez osatutako sare trinko horretan, hitzak, komunikatuak, laguntza materiala edo salaketa politiko irmoenak ez ezik, musika ere entzuten da, segalarien segen txistua edo Euskal Herri osoan 18/98ko auzipetuen alde antolatutako ehunka bazkari eta afarietako pil-pil hotsak entzun diren bezalaxe.

Denon artean idazten ari garen elkartasun-sinfonia horri 18/98+ Lan Taldean antolatzen ari garen jaialdi handia gehitu behar zaio. Azaroaren 11n (XI/11) 18/98 sumarioaren zama ekonomikoa zertxobait arintzeko aukera izango dugu, festaren bidez.

Gure lan-taldeak eskerrik beroenak eman nahi dizkie BECeko eszenategiak beteko dituzten guztiei. Horien artean dugu Fermin Muguruza, bera ere 18/98 sumarioaren atzean dauden erabaki politikoen zeharkako ondorioak jasandakoa baita, baina horrek ez du bere ibilbide musikal konprometitutik urrundu. Muguruzaren abestietan gaur egungo, hemen eta hango, errealitate gordinak islatzen dira, eta halakoak salatzearekin batera itxaropen-izpiak ere ematen ditu.

Ez 18/98+ Lantaldea ez auzipetuak ez gara kikiltzen aurrean dugun eginkizun zaila ikusita. Auzitegi Nazionalak adierazpen-askatasuna, besteak beste, giltzapetu nahi badu ere, gatazka konpontzeko bidean jartzen dituen oztopoen gainetik, gure ahotsa, gure kantuak eta gure ahaleginak biltzen jarraituko dugu, indarrez kendu dizkiguten eskubideak berreskuratu eta Auzitegi Nazionala gure bizitzatik betiko ezabatzeko. Argi eta garbi salatu behar ditugu egoera horren erantzuleak: Auzitegi Nazionala eta antzekoak Euskal Herriaren garapen askea galarazteko eta gure eskubideak murrizteko erabiltzen dituzten botere publikoak dira erantzule horiek.

Horregatik bada, argi dago BEC betetzeko gure gonbidapen honekin lortu nahi dugun helburua. Berdinik gabeko kontzertua izango da, aukera paregabea, aparteko une eta gorabehera berezietan. BECera joanez, lerro berriak idatziko ditugu elkartasunaren eta aldarrikapenaren liburuan. Izan ere, batzuek balio horiek zaharkituta daudela sinestarazi nahi diguten arren, bizirik, kantuan eta dantzan jarraitzen dute.

Fermin Muguruza zuzenean izango da berriz, 2 urte eta gero. Berarekin batera DAM palestinarrak, La Banda del Surdo kataluniarrak eta Bad Sound System irundarrak izango dira.

FERMIN MUGURUZA ZUZENEAN BERRIRO ERE

2004. abuztuaren 16an, Fermin Muguruzak amaiera eman zion “Komunikazioa Tour” birari Bilboko aste nagusian 30.000 pertsonen aurrean. Orain, bi urte pasa eta gero, eskenatokira igoko da berriro ere, 18/98+ auzipetuei elkartasuna helarazteko.

Aurtengo maiatzean kaleratu eta dagoeneko nazioarteko oihartzun izugarria lortzen ari den “Euskal Herria Jamaika Clash” lana aurkeztuko digu eta horretarako, euskaldun eta jamaikarrez osaturiko aparteko musikari banda antolatu du taula gainean aritzeko:

Ahotsak: Sorkun, Lisa Dainjah, Miriam “Matahary”
MCs: Daniel Rey, Masta Blasta
Perkusioak: Gerard “Chalart 58″ eta Ska
Bateria: Mikel Abrego
Baxua: Victor Navarrete

Haize atala: Jon Elizalde, Igor Ruiz “Fino” eta Aritz Lonbide
Teklatuak: Franklin “Bubbler” Waul
DJ: DZ
Trikitixa: Xabi Solano
Gitarrak: Oskar “Benas”

Eta Fermin Muguruza bera, ahots nagusia.
Jamaikan grabatu zuen aipaturiko diskoa gehi bere ibilbide osoko kantuak osatutako errepertorioa gozatzeko aurtengo aukera bakarra.

BAD SOUND SYSTEM (Hip hop-a, raga, dance hall-a, free style-a)

Irungo Bad Sound System taldeak ezin konta ahala festa, sound system, kontzertu eta DJ emanalditan parte hartu du azken urteotan, eta gaur egungo EHko naiz nazioarteko musika-eszenako jende ezagun askorekin jo dute. Hauekin adibidez: Asian Dub Foundation, Macka B, Toots and the Maytals, LKJ, U-Roy, Freddie McGregor, Burnin Spear, Louie Culture, Afrika, Basque Fire Department, “Ras” Miguel &Taffari, LION ROOTS Sound System, Mak, Fermin Muguruza Kontrabanda, Dub Manifest… Proposamen musikal berriak jorratzeko prest daude, eta batzuetan Xabi Struvell (DUT, Zura) batzen zaie bat-bateko gitarra-saioetan, edo kantu berriak sortzen dituzte Parental Advisory Crew-rekin batera. Azken talde hori Sorkun-en azken diskoko “Rescue me” bertsioa ekoitzi dutenak dira. Era berean, Stepirekin batera ibili dira BSSren MC batzuk ekoizten Fermin Muguruzarekin batera, Ane Muñoz Mitxelena
ren “Beamon Jauzia” film laburreko kantua egiten, esate baterako.

Irungo DJ eta MC talde honen luzapenetako bat 2005 amaieraz geroztik Irunen egiten diren Zu2aK izeneko festak ditugu. Zubi horiek kulturak elkartzen dituzte, soinu eta akustikak batzen dituzte, eta mugak irekitzen dizkiete Lurreko hainbat bazterretatik datozen beat, errima, esaldi eta hitzei. Garaiotan hain beharrezkoa zaigun komunikaziorako zubiak dira, azken batean.

DAM (www.dampalestine.com)

DAM arabieraz abesten duen Palestinako lehenbiziko rap-taldea da. Bere amorru, etsipen, erresistentzia eta kultura aberatsa aditzera emateko hip hop-a aukeratu duen belaunaldi berriko ordezkariak ditugu DAMekoak.

Hauek dira taldekideak: Suhell Nafar, Tamer Nafar eta Mahmoud Jreri raperoak. Normalean, DJ baten laguntza izaten dute, eta beste kide batzuek abestien baseak jartzen dituzte.

Hip hop-aren bidez Palestinako erresistentziaren ahotsa zabaldu, apartheid-aren harresia pitzatu, eta ghettotik (errefuxiatuen eremuetatik) ihes egitea lortzen dute DAMeko kideek.

Eszenaratze indartsua du DAMek, eta ederki uztartzen dituzte abeslarien ahotsak eta hainbat estilo. Haien musikak beren bizimodua islatzen du: beatboxa eta hip hop hiritarreko programazioak palestinar musikako hari, ude eta derboukekin nahasten dira, ondare oparo batean oinarrituta: Marcel Khalifa, Kazem Saher, George Wassouf, Majda al Romi…

Nazioartean zabalduko duten lehenbiziko diskoa argitaratzear daude oraintxe: Ihda (Dedication), Redcircle Music-ek kaleratua (http://redcirclemusic.com/). Europako hainbat jaialditara gonbidatu dituzte, eta Euskal Herrian hasiko dute beren aurkezpen-bira.

LA BANDA DEL SURDO (www.labandadelsurdo.net)
La Banda del Surdo perkusionistez eta hankapaloez osatutako taldea da.

Gironatik datoz eta musikaren eta kaleko ikuskizunen alorrean dihardute.

Els Diables de l’Onyar taldeak antolatutako correfocs ikuskizun piroteknikoei erritmoa jartzen zien perkusio-bandan dago taldearen jatorria. 1996an perkusionistek La Banda del Surdo izena hartu eta konpainia bezala jotzen hasi ziren.

Gaur egun, Gironako musika-eszenako talde garrantzitsuenetako perkusionista eta bateriajoleak biltzen ditu La Banda del Surdo-k, talde hauetakoak, adibidez: La Suite Mosquito, Möondo, Ja T’ho Diré, Gazpacho, Orchestra Fireluche eta Kassamba.

La Banda del Surdo-ko kideek arrakasta handia izan dute Katalunia eta Espainiako musika eta kale-antzerkiko jaialdi nagusietan, eta nazioartean ere ibili dira: Frantzian, Italian, Erresuma Batuan, Belgikan, Alemanian eta Norvegian, hain zuzen. Beste konpainia batzuen ekoizpenetan ere parte hartzen dute, eta Cirque du Soleil, Comediants eta Studio Festi

www.18-98plus.org

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Tresna-barrara saltatu