galeuscaren kontramanifestua

Duela aste batzuk agertu zan “manifiesto por la lengua comun” dala-ta, GALEUSCAk kontramanifestua atara dau. Idazle galego, català eta euskaldunen alkarte honen manifestua (euskarazko bertsioan) saltoaren ostean ipini dotzuet:

“Manifiesto por la lengua común” izeneko adierazpenaren azpian, gurari homogeneotzaile eta zentralistadun diskurtsoa dagoenez, Gaeluscako idazle elkarteen federazioak, argi eta garbi jasota utzi nahi du ondorengoa:

1. Espainiako Estatua eratu eta izaera ematen dion errealitate eleanitzak, berez “asimetria” edo akats moduan ulertua izatetik urrun, Europa eleanitza eratzen duten estaturik gehienetan komuna den hizkuntza eta kultura aniztasuna era gardenean berregiten du.

2. Galiziera, euskara eta katalana, ez dira duela gutxi egindako “asmakizunak”, beren hurrenez hurreneko lurralde eta gizarteetan ehunka urtetan zehar normalak izan ziren hizkuntzak baizik. Hizkuntza horiek desnormalizatzea eta beren erabilpen publikoa galtzea ez zen gertatu era “naturalean”, aldez aurretik inolako galdeketarik eta akordiorik egin gabe noski estatuko hizkuntza ofizial legez dekretu bidez ezarritako hizkuntzaren inbasioz baizik.

3. Espainiako Konstituzioaren 3. artikuluak bermatu egiten du hizkuntza komun horren presentzia estatuko biztanle guztientzat, hiritar guztiei gaztelera ezagutu beharra inposatuta. Galizia, Hego Euskadi eta Kataluniako hiritar guztiek jasaten dute praktikan inposatze hori, izan ere, ez baitago pertsonarik gazteleraz gaitasun ona ez duenik, hizkuntza hori bere lehen hizkuntza edo bigarren hizkuntza den kontuan hartu gabe eta “inposatze” kontzeptuak hiztunentzat ez du laido negatiborik.

4. Galiziera, euskara eta katalana halaber hizkuntza ofizialak dira beren lurraldeetan, hau da, Espainiako Estatuko %40 ingururen berariazko hizkuntzak dira. Gaztelaniarekiko desberdinak diren hizkuntza kode horiek, zilegitasun osokoak dira eta bakoitzak bere herriaren eta kulturaren ibilbidea eta adierazpidea aitortzen ditu eta komunikazio tresna “demokratikoak” dira, pertsonen arteko harremanetarako erreminta erabilgarriak eta eusten dieten gizarteentzako beharrezkoak.

5. Norbere hizkuntza toki guztietan publikoki erabiltzeko eskubidea, munduko legeria demokratiko guztietan aitortuta dago. Europako esparruan Eskualdeko Hizkuntza edo Hizkuntza Gutxituen Europako Karta gogoratu behar da (Espainiako Estatuak onetsi eta berretsia) edota Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala, Espainiako Diputatuen Kongresuak aho batez onetsia.

6. Adierazpen horretatik ateratzen den Espainiako eleaniztasun aberasgarriaren ikuspegi deuseztatzaileak, frankismoaren garaiko tesiekin duen kidetasunaz pentsarazten du, hots: Estatu bat, hizkuntza bat eta, horren ondorioz, hizkuntza arrazoiengatik hiritarrak lehen mailakoetan eta bigarrenekoetan bereizteko planteamendua sendotzea. Hizkuntza ofizial bakarra duten autonomia erkidegoetan jaiotako espainiar hiritarrentzat ere, eleaniztasunerako gaitasuna beti izango da mundua irekiko dien giltza, besteekiko errespetuaren mugak irekiko dizkien giltza, gizakien arteko berdintasunezko harremana ulertzeko, jaio diren tokia, bizi direna edota duten lehen hizkuntza edozein izanik ere.

7. Hizkuntzen ikasketa, norberarena ikasteaz gainera, beti ere era baikorrean eta norbanakoen aberastasun sinonimotzat ulertu behar da, izan ere, ikasketa eleanitzak, pertsonak beren adierazpenetan eta ezagupenetan kitzikatzea baino ez baitu lortzen. Galizia, Euskadi eta Kataluniaren kasuan ezinbestekoa da herritarrek bi hizkuntza ofizialetan gaitasuna izatea, gero, bakoitzak, esparru eta egoera desberdinetan bata ala bestea erabiltzea libreki erabaki dezan. Hau da, behar beharrezkoa da gaitasun bikoitza hizkuntza askatasuna bermatu ahal izateko.

8. Hizkuntzen erabilpen libre hori bermatzeko, hizkuntza politika egokia egitetik ondorioztatutako neurriak behar dira. Bestela esanda, katalana, euskara eta galiziera hitz egiten ditugunok ere geureak ditugun eskubideak bermatzeko, eskubide horiek gauzatzeko baldintzak sortuko dituzten hizkuntza politikak behar dira, Auzitegi Konstituzionalak 337/1994 epaia eman zuenean adierazi zuen moduan: “tratu desberdina, ez baztertzailea, abalatuz bi hizkuntza ofizialentzat, bietako baten berariazko eginkizunaren arabera, beharrezko egiten baitu beretzako jarduera normalizatzailea gauzatzea eta horretarako babes bereziko egintzak berarentzat izan behar baititu derrigorrez.”

9. Erkidego elebidun deiturikoetan hezkuntza esparruan aplikatutako hizkuntza politikek, ikasleek bi hizkuntza ofizialetan gaitasun ona lortzea dute helburutzat, beren familia hizkuntza zein den kontuan hartu gabe. Helburu hori lortzeko, behar beharrezkoa da baliagarriak diren hizkuntza plangintzak burutzea eta, politika horiek noski, gizartean desabantailarik handiena duen hizkuntza tresna moduan gehiengoak erabiltzetik igaro behar dute. Hori noski, hizkuntza askatasunaren aurka joan ordez, ezinbesteko jarduera da hizkuntza askatasun hori bermatzeko.

10. Idazle galiziar, euskaldun eta katalanok, geure hizkuntzetan idazten jarraitzeko eta hizkuntza horien normalkuntza prozesu amaitu gabea burutzen laguntzeko dugun gogoa ALDARRIKATZEN DUGU, izan ere, giza eskubide demokratiko eta baketsu denez, horri ez baitiogu uko egingo. Geure indar guztiz gaitzesten ditugu geure kide diren espainiar idazleek geure hizkuntzekiko egiten dizkiguten BAZTERTZE-AHALEGINAK eta deitoratu egiten dugu, espainierak Puerto Ricon, Costa Rican edo AEBetan duen osasunaz kezkatu ordez, hurbilen eta asimetrikoki baztertuak dituztenen aurka borrokatzen ibiltzea.

Eta orain vaya semanitako esketx bat:

agur!
. . . : : : k i m o : : : . . .

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Tresna-barrara saltatu