ibaizabal tb

Ibaizabal Telebista herri ekimenetik sortutako egitasmo zabal, herrikoi, parte hartzaile eta dinamikoa da. Bilbok bizi duen egoera linguistikoa zein komunikatiboa aintzakotzat harturik, bete gabe zegoen hutsunea betetzera etorri gara.

Behetik gorako internetelebista euskaldun bat gara, eta bertatik elkartasunezko zein berdintasunezko baloreak eta mezuak bultzatzen saiatuko gara. Gure asmoa ez da inondik inora beste komunikabideei konpetentzia egitea, are gehiago, zenbaitekin elkarleanan arituko gara, beti ere, gure asmo nagusiekin bat egiten badute.

Ahots gabeko askorentzat eta auzoetan pertsonal mailan zein kolektiboan, espektro ezberdinetako jende askorentzako “haize bolada” berri bat eskaintzera gatozkizue. Talde, elkarte edota kolektibo zabalek lantzen dituzten esparru guzti horiei informaziorako leiho hau zabaldu nahi izan diegu, gure hiriaren bizitza aktiboaren bihotza baitira eta azken finean, Ibaizabal Telebistaren bideragarritasunak gu guztion kolaborazioan baitatza.

Ibaizabal Telebista Bilbotik mundura zabaltzen den komunikabide xumea da, baina ziur gaude, hainbat bilbotarron nahia eta desioak bertan islatuta geldituko direla, oraindik, gauza asko baitago informatzeko, kontatzeko, salatzeko… eta baita elkarezagutzeko ere; Bilboko euskaldunontzako erreferentzia eta tresna bihurtu nahi dugulako.

Ibaizabal Telebistan Bilboko gizartearen islada aurkitzen da, hau da, komunikabideetako profesionalak, ikasleak, artistak, irakasleak, konpartseroak, idazleak, profesional liberalak,… eta gainera, oraingo honetan gu geu izango gara protagonistak. Gu geu informatzaile, gu geu sortzaile. Arlo ezberdinak landuko ditugu: aktualitatea, musika, gazteon gai interesgarriak, auzoetako informazioa, irakaskuntza,… eta zuen ekarpenaz sor daitezkeen beste esparru batzuk ere.

Jadanik hainbat pertsona eta talde ezberdinek, zuzenean edo zeharka, beraien kolaborazioa eta laguntza eskaini digute; horretarako zenbait elkarterekin harremanetan egon gara, besteak beste: Abokatuen Bazkuna, Athletic Club, Zenbat Gara elkartea, Ulibarri euskaltegia, AEK, BIGE, Ikastolen Federazioa, Kafe Antzokia, Elkarlan, Bilbo Zaharra, etab. Beraz, lagunok, zuek ere gonbidatuta zaudete egitasmo honetan parte hartzeko. Gogoa eta denbora pixka bat behar da soilik. Anima zaitezte !

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Tresna-barrara saltatu