arrazoiak

Lehengoan, asko informatu ez den lagun batekin eztabaida izan nuen, Kukutza dela-ta. Hurak justiziaren zentzu sakon bati eutsiz, maxima honetan zuen bere arrazonamenduaren jatorria: “edozein konfliktotan, inoiz ez du alde batek arrazoi osoa izango”. Edo, nolabait esateko, udaletxeak oraingoan izango du (nahiz eta zein den jakin ez) arrazoi edo motiboren bat.

Baina nik ez dut uste bat ere duenik, ez behintzat legalik, eta are gutxiago lejitimoa den motibo edo arrazoirik.

Jabetza pribatuaren defentsari dagokionez, benetan eztabaida luzea izan genezake hemen. Kontzeptua bera euskaraz agian zehatzagoa da, jabetza bat izateko hartaz jabetu beharra dago, eta Kukutza eraikinaren kasuan, jabeak inoiz ez ziren hartaz jabetu. Hauek ideia nahiko iraultzaileak dira (baina inola ere ez berriak): “Lurra, lantzen duenarentzako”, “ugazaben lurrak okupatu” eta abar…

Jabetza bera barik, ea funtzio soziala betetzen duen da gakoa, zer-nolako aportazioa egiten dion gizarteari. Eta horra gatazka, Cabisak ez dakit zer eskainiko zion Bilboko udal edo gizarteari, ziur asko aspektu ekonomikoan izango zen (eta hau ere zalantzan jartzen dut, haien proiektua ez baita errentablea izango, eta hortik udal edo auzoak jasoko duena, are gutxiago izango baita). Aldiz, Errekaldeko Auzo Elkarteak eta Kukutza Gaztetxeko talde desberdinek, Europa mailan errekonozimendua jaso duen programa kultural paregabea (parekorik ez duena hirian) eskaini izan du urte luze hauetan.

Baina oraindik ere, jabetza pribatuaren ideiari eusten diotenak ere daude. Gogora diezaiegun haiei, ba, Estatuaren Ideologia eta konstituzioa bera aldatu gabe, gaur eguneko legalitatetik (eta ziurtasun osoz lejitimitate guztiaz oraingoan), badituztela administrazioek eraikina expropiatzeko eskubide, askatasun eta mekanismoak. Eta hori bera egiten dutela etengabe, infraestruktura handi eta garesti (eta inola ere errentableak ez direnak) horiek eraikitzerakoan, hala nola AHTa edo “Supersurra”. Terrenoak gaizki erosiz (balio dutena baino merkeago), eta jabeak nahi ez duenean zuzenean expropiatuz. Non geratzen da jabetza pribatuaren defentsa orduan? Estatuak expropiatzeko mekanismoa baldin badauka, ez al zen Kukutza, mekanismo hori erabiltzeko kasua?

Boligorriaren blogean agertzen denez, bazeuden arrazoi neoliberalak ere hori ez desalojatzeko. Pentsatu dezagun motibo horietan alderantziz, horiek desalojo eta eraistearen aldeko arrazoien aurkako argumentuak dira. Inork uste baldin bazuen nolabaiteko negozioa egin zitekeela honekin guztiarekin, “aizu, hori ez da egia, eta gainera, kalte ere egiten diozu zeure alderdiari, eta hiriaren irudiari”.

Ez zaizkit desalojo eta eraistearen aldeko argumentu gehiago okurritzen… hurrengo eta azken hau baino:

Nire lagun min batek esaten duenez, “instituzional eta pribatuaren artean, publikoa eta komuna dago”. Kukutza da horren adibidea, ez baita administraziotik bez ekimen pribatuetatik sortu. Eta hauen berezitasunetako bat, kanpotik manipulatu edo kontrolatzeko zailtasuna da, ezintasuna batzutan. Horiek ez ditu ulertzen administrazioak, ez ditu onartzen, agian bildur die ere, mespretxatu egiten ditu, eta gorrotatu. Gorrotoa izan da haien motibazioa.

Baina badakizue zer? Gorrotoak ez du balio. Administrazioak edo poliziak inola ere ezin dute herriaren aurka egin. Beti egon behar dira herriari subordinaturik. Gainontzekoa faxismoa da.

Eta faxismo biolentoa gainera. Baina biolentziaren dema, beste baterako utziko dugu. Momentuz, aurreko post luzea amaitzeko idatzitako esaldiak jarriko ditut hemen, biolentziaren inguruan esan nahiko nukeena laburtzeko: “Biolentzia da jasotzen ari garena, politikoen gezur eta engainuekin, mindu egiten gaituzte. Administrazioen burugogorkeria, eta kontrolpean ez duten guztiari zor dioten gorrotoa, horrek mindu egiten gaitu. Eta baita poliziaren biolentzia zuzena ere, azkenean ere besteak baino mingarriago ez dena.”

Sakon hausnartu behar dugu denok, gure Estatuak (bere adar guztiekin, udaletxeraino) zenbaterainoko kaltea egiten digun. Ez da besteen interesak babesten dituen entitatea, zuzenean gu erasotzen gaituena da.

. . . : : : k i m o : : : . . .

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

Tresna-barrara saltatu