hautesk – hausnark

Aurreko larunbatean ez nuen ezer argitaratu, bide batez hauteskundeetako hausnarketa eguna zelako. Emaitzak jakin aurretik hausnartzeko ohitura daukagu, eta gero, burua berotuta, hedabideetako analistei ixten diegu hauteskundeen osteko hausnarketa. Goazen nirearekin, ostean ditudan konklusioekin.

Ni bizi naizen tokietan PNVk irabazi du. Nire herrian, nire lagunen herrian, Bizkaian eta Euskal Herrian, bozka kopuruak honela banatu dira:

Zaratamo: PNV 349/ Amaiur 257
Galdakao: PNV 5.719 / Amaiur 3.621
Bizkaia: PNV 208.223 / PSE-EE 136.426 / Amaiur 122.606
EH: PNV+Gbai 365.928 / Amaiur 333.628

Zorionez Amaiurrek errepresentazio gehiago lortu du. Araban eta Nafarroan ezkerreko abertzaleen koalizioak, eskuineko aukerak baino boto gehiago lortu ditu (ordezkari bana lortu dute alderdi bakoitzak lurralde bakoitzean). Bizkaian nahiko bozka gutxiagorekin ordezkariak ia parekatu egin dira, PNVk 3 eta Amaiurrek 2.  Gipuzkoan, espero zenez, Amaiurrek PNVk baino emaitza askoz hobeak izan ditu, eta 3 ordezkarirekin, jeltzaleek baino bi gehiago eskuratu dituzte. Lurralde osoan (Ipar Euskal Herrian ez ezik), hortaz, Amaiurrek 7 ordezkari bidaliko ditu Madrilgo kongresura,  PNVk bost eta GeroaBaik beste bat.

Argi esango dut. Hurrengo erronka, Bizkaian Ezker Abertzaleak eskuineko nazionalistei irabaztea da, datozen hauteskundeetan eta Eusko Legebiltzarrerako, printzipioz 2013an, baina ea Patxilok aurreratu egiten dituen (ikusirik Espainiako kongresura euskal lurraldeetatik ordezkari gehien bidali dituen alderdiak, ez daukala errepresentaziorik euskal parlamentuan, egoera ezohikoa begibistakoa behar luke). Bizkaian PNVk behera egitea oso lan astuna, zaila eta gogorra izango da.

Baina baliteke uste baino errazagoa ere izatea. Jende askok ez daki zergatik botatzen duen EAJ, eta ez dakite zergatik ez daben bozkatzen Amaiur. Inertziagatik bozkatzen dute askok. Boto utila delakoan bozkatzen dute beste batzuek. Azken batzuek antzinatik dituzten aurreiritziengatik, garai batean ezker abertzaleak nahiz eta borroka armatuaren lejitimaziorako tirabira mediatikoa galduta izan, oraindik ere, horren aldeko deklaratu baitzen ofizialki, edo ez zelako horren aurka deklaratu. Gertakari hori, ukatu ezin bada ere, azaldu, kontextuan jarri eta askoz hobe uler daiteke, dena den, eta ulertu behar da.

Hasteko, inertziaz bozkatzen dabenek, hobe lukete ez bozkatu. Ez dute PNVren politika errepasatzen eta ahaztu egiten zaie Kukutzaren kontuarekin hartutako haserreak, Galdakaoko Bekea auzoan AHTa dela-eta egiten ari diren sarraskia edo beste adibide asko, jazoera errealak eta hurbilekoak, non jeltzaleen alderdiak erantzunkizun zuzena izan duen. Ez daukate PNV bozkatzeko arrazoirik eta berdin berdin bozkatzen dute, ohituta. Agian boto utila delakoan-edo. Baina ez, behin boto “utila” izan zen, abstentzioaren kontra zeudenentzako, edota ezkerreko abertzaleen koaliziorik ezean, Araban (adibidez) ordezkari abertzaleak lortu nahi zutenentzako. Baina hori lehen zen, orain boto utila Amaiurrena da. Kapaz izango dena Jaurlaritzarako bozka gehiago jasotzeko. Kapaz litzatekeena Bizkaian ere bozka gehiago jasotzeko familia ohiturak eta inertzia itsuak gaindituko bagenitu, bazenituzte.

Beraz, asko pentsatu gabe, abertzale sentiturik, zuzenean bozka PNVri ematen diozuenok, besterik gabe, hausnartu zuen bozka. Eman aukera berdina Amaiurri eta PNVri, eta ez orain arte bezalaxe, non abertzalea denak alderdi jeltzalea bozkatzen duen, eta Amaiurrek halako esfuertzo extra bat egin behar duen, botante horri azaltzeko bera aukera ona dela ere, hobea dela.

Beste alde batetik, ezker abertzaleko mugimendu edo kolektiboen aurrean, pertsona askok daukaten jarrera errepasatu. Lehenik eta behin, argi izan behar dugu, guk belaunaldi gazteenok, gu jaio aurretik biolentzia eta terrorismoaren dilemak erabat desberdinak zirela. Beste erabateko kontestuan sortu zela hori guztia, eta garai horretan bizi izan bagina oso desberdin pentsatuko genukeela. Kontutan izan daigun, horren guztiaren ostean, biolentzia lejitimatzeko edo deslejitimatzeko bataila izan zela, hedabideek ere borrokatu zutena, gehiengoaren eritzia moldatuz. Eta egun borroka hori erabakita dagoenean, terrorismoa gaitzetsi behar omen denean, horrela pentsatu beharra inposizioa dela, nahiz eta gehiengo batek dagoeneko horrela pentsatzen dutela egia izan.

Eta hala ere, arrazoi praktiko politikoengatik beti ere, afera etiko edo moralaz aparte, ezker abertzaleak azkenik borroka-bide armatuaren aurka deklaratzea erabaki zuen. Eta gainera, beren burua ezkerreko eta abertzale uste duen oro, nahiz eta ezker abertzaleko ez izan, ezker abertzalearen erabaki horren alde eta pozik egon da, eta elkarrekin indarrak batzeko proposamena luzatu dio.

Ozen esan behar da: Euskal Herrira borroka armatuaren amaiera Ezker Abertzaleak ekarri du.

Garai batean hartu izan dituen erabakiengatik zigortzen dabe botante askok ezker abertzalea. Baina kontutan izan daigun garai horietan erabaki horiek hartzea oso aukera lojikoa izan zela. Eta pentsatu daigun gainera gaur egun beste erabaki batzuk hartzeko apustua egin dutela.

Amaiur ez bozkatzeko arrazoiak errepasatu egin behar dire.

PNV bozkatzen daben Amaiurreko botante potentzialez ari naiz. Ezetuten dodazenak: koadrilako Mikel, nire lagun mina Aritz eta lagun baten lehengusu Mikelen koadrila ia osoa. Jende gaztea, ezkerrekoa eta independentista printzipioz, baina inolako arrazoirik gabe botoa alderdi horri ematen diona, inola ere ez dena gaztea, ezkerrekoa eta ezta independentista ere.

Oso garrantzitsua da hau guztia. PNVk bere hegemonia politikoa herentziaz jaso du, lorpen politikoengatik baino. Eta larriago dena, gaur egun alderdi hori ez da independentista. Abertzale izatea gure herria egunen baten (ahalik eta arinen) Estatu burujabe bat Europaren baitan, helburu gisa izatea bada, orduan Amaiur da bidezko aukera politiko bakarra. PNV bozkatzea, inertziaz eta inolako arrazoirik gabe bozkatzea da, hausnartu gabe.

. . . : : : k i m o : : : . . .

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

Tresna-barrara saltatu