“Gaur urtebete…”

Gaur urtebete (*), Bilbora jaitsi ginen lagun batzuekin. Indautxu aldean trago batzuk hartu eta UEFA partida bat ikusteko, barre batzuk ere egin genituen, nahiz eta ni batere futboleroa ez izan.

Partida amaituta, taberna batetik bestera ibili ginen, laster Herrikora ere hurbildu ginen. A ze jendetza! Anbiente polita gaba horretan! Tragoak hartu eta kalean edan genuen elkarrizketa ta barre artean.

Ta orduan etorri ziren derrepentean furgoi zuri-urdin batzuk. Geroago esango zuten iskanbila omen zegoela, baina guk hor kalean ez genuen ezertxo ere nabaritu. Kalean egonik erraza izan zen apur bat alboratzea, urruntzea, ertzainak furgoietatik jaitsi eta beren armak erakutsiz formazioan desfilatu zutenean. Flipatzekoa.

Halako probokazioaren aurrean, beti dago isilduko ez den ahoberoren bat, ta txistuak eta aldegiteko oihuak entzun genituen. Kristalen batek ere hegan egin zuen…. Eta zelan ez, okurritu zitzaien gauza bakarra, haien polizia armak kargatu, apuntatu eta disparatzea izan zen.

Gu ez, gu kale irekian geunden eta erraz joan ginen iskanbila hartatik. Baina Herriko hori ezagutzen duzuenok ondo dakizue, kale irekian barik, patio batetan dagoela. Jendez gainezka zegoen patio baten aurka tiro egin zutela, tragoak, elkarrizketa eta barreak betiko amaituz.

Kasualitatez ez nengoen hor, hamar metro albo baten baizik. Eta bildur naiz zer pasatu ahal zitzaidan han egon banintz, niri edo lagunen bati. Pasa zan-eta. Niri edo nire lagunen bati ez, baina gutako bat erahil egin zuten hortxe gau horretan.

Eta argi daukat, ni lekuko. Ez zen istripu bat izan: erahilketa izan zen.

. . . : : : k i m o : : : . . .

(*) Hausnarketatxo hau 2013/4/5ean idatzi nuen nire Facebookean. Gaur sinatuta eta ortografia akatsak zuzenduta dakart.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

Tresna-barrara saltatu