Ohiko harreman istoria bat

Mierda. Barriro gertatu da. Zin egin nuen egingo ez nuela baina ahula naiz, antza, eta beste behin ere utzi zaitut alboratuta, ene bitakora maitea.

Zenbatetan lagundu nauzun ezin asmatu, zenbat barre eragin, zenbat emozio jaso ditudan zure bitartez, eta baita kabreotxoren bat… Erabili egin zaitut hala eskatuta, eta zenbat lagundu nauzun!

Hemendik pasatzen direnak harrituko dira agian, baina hori idazteko astitxo bat erreserbatzeak ematen duen goza ez dutelako gogoratzen, edo baliteke inoiz ezagutu ez izana. Bueno, aitor dezadan, nire burutazioak botatzeko erabili zaitudala, nire barneko narzizistak bultzaturik, irakurle horietakoen arrantzan.

Eta eman didazu, blog maite, eskatutakoa. Ez blog izar bihurtzeraino, baina bai noizean behineko irribarre poza eragiteraino.

Baina nik hor utzi zintudan, abandonaturik.

Ondo dakizu zein den gure historia, eta zer datorren jarraian: nik berreskuratu nahi zaitudala, zu beti prest eta zain izango nauzula, hilabete batzutan gogoz  elkarrekin geratuko garela, gure harremana hoztu egingo dela apurka apurka, bertan behera ahaztuta utziko zaitudan arte, eta egunen baten, zutaz gogoratu eta pasioa berrizten saiatuko naizela…. Eta horrela 2006ko martxo urrun hartatik. Ohiko harreman istoria bat.

Saiatuko gara berriz, orduan?

. . . : : : k i m o : : : . . .

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

Tresna-barrara saltatu