hausnartzen

Zelako ona den buruari eragitea, eta burutazio eta ondorioak idatzira pasatzea. Ikaskuntza prozesu bat ematen da horretan, eta esan daiteke satisfakzioa ere ematen duela. Gomendio txiki bat hemendik: gozamen xume horrek merezi du hasiera batean esandakoaren kontrako ondoriora iristea, kontraesanak onartzea.

Pako Aristik idatzi zuen duela aste bi artikulo bat. Nire lehen inpresioan, kritika piztu zitzaidan nire barrenean: ezkorregia egin zitzaidan, eta ez zitzaidan batere gustatu Gure Esku Dago ekimenaren kontrako erasoa. Aldiz, laster agertu ziren beste gauza batez ohartu ziren kritikoak: testua xenofoboa zela.

Bigarren irakurketa batekin ere, nik ez nuen xenofobo ikusi testua, “etorkinak” eta “integratu nahi ez duten etorkinak” terminoen begibistako desberdintasuna ikusirik. Eta eztabaidan esku hartu nuen, iritzi hori azaltzeko.

Askok esan zidaten, eta ni erabat ados nengoen haiekin, “integratu” eta “ez integratu” terminoekin “mehatxua” etorkinei mugatzea arazoaren zati batez ez ohartzea zela, euskal jatorriko asko baitira ere euskal Estatu propio baterako independentziaren aurkakoak.

ZuZeu atarian ere artikululak ugaritu ziren [1][2][3], eta eztabaidak artikuluen iruzkinetan. Geroago Topatun ere.

Bi elementu aipatu nahi ditut hasi aurrerik (nire burua justifikatzeko asmoz-edo). Alde batetik, Pako Aristiren muineko gaia zen Gure Esku Dago ekimena eta beraien estrategiaren aurkako/aldeko eztabaida ez zela gertatu. Nire ustez bere helburua Gure Esku Dago ekimenaren estrategia vs. Orregakoen estrategia eztabaidatzea zen, kontutan harturik, haien ustez estrategia ez dela erreferendumean euskal gizartearen zati haundi bati iritzi eskubidea ukatzea; erreferenduma bera baizik dela ukatu beharrekoa, “askatasuna ez baita bozkatzen”. Dena den, eztabaida ez zenez bide honetatik garatu, nik ere aipamentxo hau bakarrik eskainiko diot gaiari.

Eta bestetik, batek edo bik esan egin zuten Euskal Herrian ez dela inmigrazioa erabilia izan, Estatu frantses eta españolaren aldetik, herrialde inperialista hauen kolonialismoaren mesedetan. Inmigrazioak ez duela inolako eraginik izan euskal kultur eta identitatearen egungo konfigurazioan. Mindu egin ninduen honek, ia-ia Euskal Herria lurralde okupatua dela ukatzea balitz bezala hartu nuen-eta. Era berean, integrazioa bezalako terminoak arbuiatu zituzten, labankorrak direlako, ezin direlako ondo ulertu. Gai hauek jorratuko ditut jarraian, eztabaida inmigrazioaren inguruan artikulatu baitzen, batez ere.

Labur-labur inmigrazioaren gaiaren inguruko nire iritzia emango dizuet, teoria bat besterik ez da (Bilboaldean bizi naiz ni):

Euskal Herria lurralde okupatua da.

Bertan industria potente bat eratzen ari zela-eta helburu herri bat izan zen inmigrazioarentzako.

Migrazio fenomenoak erabateko naturalak direla deritzot, ez dut uste Estatuek hauen norabidea nahita ebatzi zutenik (bada hori sinesten duen asko, eta ez diet arrazoia kenduko ere). Eta inmigranteari dagokionez, indibiduoari, ezer ez leporatzeko. Nire ustez pertsona horiek biktimak baitziren, aukerarik gabeko erabaki bat hartzera behartuak. Bereziki Españako gudaostean hainbat eta hainbat lurraldetan miseriak jota zeudelako eta beste etorkizunik ez zegoelako behartuak. Gehienak Langile Borrokarekin bat egiten zutenak, edo egin zezaketenak. Inolaz ere etsai edo mehatxu.

Euskal Herria lurralde-kultura nahiko itxia izan dela deritzot ere, milaka urtetako kultura eta hizkuntza bati eusteko lain. Ezaugarri positiboa hori. Baina ez ondorio denak positiboak: Sabino Aranaren idatziak irakurtzean, nazio bat garela justifikatzeko beste nazioak iraintzen zuten hark eta bere jarraitzaileek, hemengoa goratzeko asmoz. Postura erabateko xenofoboa zen hura, beste garai batekoa (ejem…), eta gaur egun onartu ezin daitekeena.

Euskal Herrira heldutako etorkinekin, Bilbo aldean behintzat, espazio berriak eraiki ziren haientzako. Txabolak hirigunetik kanpo, ghettoak. Honek ere bere ondorioa izan zuen, etorkinek beren komunitate bat eratu zuten (zer erremedio!), eta hantxe integratu ziren, euskal herri eta hirietan ez bait zieten ondo etorririk egin. Ez dut uste benetazko integrazioa deitu dakioken honi.

Pausa egingo dot hemen. Integrazioa: komunitate minoritario (minorizatu) bateko kideek komunitate handieneko sisteman esku hartzea. Ez da termino hain labankorra aizuek! Nire ustez, integrazio artifizial bat eman zen XX. mendeko erdiko hamarkada haietan: etorkinak ez ziren komunitate nagusian integratzen, baizik eta beraien komunitate propioa sortzen zuten, eta bertan integratzen ziren.

Egoera hori normaltzat asimilatua izan da beste 50 urte igarotakoan. Egoera berez da nahiko konplexua: Estaturik gabe, hezkuntza sistema propiorik gabe, komunikabide arrotzez bonbardeaturik, esan genezake euskal komunitate maioritarioa minorizatua izan zela de facto. Baina en fin, harira, egoera konplexu hori normaltzat asimilatzeak eragin zuzena izan du euskal gizartearen identitatean. Txarrerako, euskaldun kulturaren erosio bat egon baita, baina baita onerako, Euskal Herriak mundua (eta bere burua)-rekiko duen irudia modifikatu baita (eta azkenik izan zelako gai Pueblo Trabajador Vasco bezalako terminoak manejatzeko). Egun dugun kultura-identitate hau konfiguratu dugu urte hauetan zehar, onerako zein txarrerako.

Dena den, beti hasieratik mantendu dudan gauza bat errepikatu nahi dut berriro: etorkina biktima zela. Ez du ezertarako balio indibiduoa seinalatzeak erantzule edo errudun moduan (beste eztabaida luze bat da Estatuek etorkinak erabili izanak, “kolono” egiten ote dituen etorkinak beraiek). Eta beraz, nor seinalatu? Etorkina Españatik (edo edonondik) alde egitera behartu zuen Estatua erantzule eta errudun. Heldutakoan, integraziorako ekimenak sustatu ordez, ghettoak eraiki zituzten agintariak erantzule eta errudun. Azken hogeita hamar urteetan herri honetan agintzen ibili diren horiek ere erantzule eta errudun, egoerari aurre egiten ez jakiteagatik.

Egia esan, ez du batere merezi atzera begiratu eta hauek ere erantzule eta errudun seinalatzeak (ez bada beste batzuen gaineko akusazioak baliogabetzeko). Benetan ardura duena da, etorkizunari begira, nor seinalatu. Eta berriro ere Estatua agertu behar zaigu begipuntan. Estatu edo dagokigun administrazioak jakin egin beharko du zelan kudeatu etorkinen migrazioa, gure herria harrera herri bat izan dadin, eta era berean, nahi duenak ez dezan inolako eraso edo erosiorik sentitu bere kultura eta identitatean.

Izan ere, bai, posible da integratzea, ez da termino ulerkaitza edo zentzugabea. Baina interesanteago deritzodana da, euskaldundu nahi ez dutenek ere (atzerritar zein bertoko), onartu behar izatea tokiko identitate hori. Hau da, “háblame en castellano que es la lengua común” esaldia ez entzutea inoiz gehiago, adibidez.

Eta noski, astakaria galanta da pentsatzea hau etorkinekin egin beharreko lana dela. Ez, aizuek, etorkinak gizarte honen zatitxo bat besterik ez dira (jendeak uste duenaren erdia baino gutxiago, egia esan). Hemen lan hori denon artean egin behar da, Instituzioetatik hasita, gizarte zibileko eragileen artetik, kapitalaren inplikazioaz eta norbanakoek ere bakoitzak berea eginez. Denon artean harrera herri bat eraikitzeko helburuaz, eta indibiduo bakoitzaren komunitate identitatea ez urratuz.

Ez hain labur, azkenean!

Baina bueno, Pako Aristiren artikuluaren harira itzuliz, nik uste Andoni Olariagak asmatu zuela Topatuko iruzkinetan, non, bere iritziz, aipatutako artikulua zergatik den xenefoboa azaltzen zigun. Xenofobo egiten du, hain zuzen goian aipatu bezala, arazoaren muina, mehatxua, hasiera-hasieratik “integratzeari uko egiten dioten etorkin”-engan jartzeak. Andonik idatzi bezala “aldez aurretik finkatu duela bereizketa hori [herriaren alde egon / ez egon, integratua egon/ez egon] talde jakin bati aplikatuko zaiola, hain zuzen, atzerritarrei”.

Gauza asko dira nahasten direnak. Eztabaida berriak ere pizten dira debatetik. ETAren V. asanblada ere aipatu zen, non MLNVak “Pueblo Trabajador Vasco” kontzeptua sortu eta aurkeztu zuen; zein ote den subjektu iraultzailea eztabaidatu da; mehatxua jatorri ala jarrera kontua den; Orreaga taldea ere tartean aipatu zen….

Eta iruzkinetan gustoko ez ditudan jarrera batzuk ere agertu ziren. “Nirekin bat ez dagoena nire etsaia da” diotenak, theklaneh-ri españolista esateraino, adibidez. Eztabaida hori bai dela benetan antzua. Eta horrela eztabaidatzen dutenekin ez dut inola ere bat egin nahi. Argumentu horiek ez dira nik esan nahi dudanaren aldekoak, eta niri behintzat horrek lagundu baino, izugarrizko kaltea eragiten dit, jakizue.

Beraz, amaituko dut behingoz (sartu txaloak hemen), eta hasierara itzuli. Gustatu zait izugarri zuekin debatitzea. Theklaneh, Eneko Ander, Andoni Olariaga, Okerreko, Aitor Martinez Ibarrola, Iker Araotz, Iñaki Amorrortu, Aitor Duñabeitia eta abar horiekin. Plazerra, ba hasieratik ikusitako argumentu bati nik eman ez nion baina berez dagokion pisua ematen laguntzeagatik. Batzuekin ados nago, beste batzuei puntualizazioak gehitu nahi nizkien, batzuek nire alde egiten zuten ustetan konpartitzen ez ditudan gauzak esan zituzten…

Baina batez ere, bost egunez sakon hausnartzen lagundu didatelako gustatu zait eztabaida, eta nire iritzia eraikitzen lagundu didatelako, eta hasieran esan bezala, nik neuk botatako iritzi batzuekin bat ez natorrela ohartzen lagundu didatelako. Ez da kontraesana, eraikuntza pertsonala baizik. Eskerrik asko, zinez.

Espero ere honek guztiak zuei berdin funtzionatu izana

. . . : : : k i m o : : : . . .

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

Tresna-barrara saltatu