Euskal Social Media
Gaurko sarrera honetan Internet, informatika edo hezkuntzaz hitz egin nahi nuen, blog honetako Ikasi atalari ere kaña apurtxu bat sartzeko asmoz. Mila istorio dagoz gai honen inguruan, kontatuak izatea merezi dabenak. Albisteak, informazio iturriak, trukoak, adierazpen ideologikoak, txiste-paridak eta amaigabeko materialaz hitz egin nezakeen, eta denen artean blog batez berba eitea aukeratu dot.
Euskal Social Media bloga Iraitz Madariagak kapitaneatzen dauen bloga da. Bere irudi profesionala proiekatzeko sortutako bloga, baina autobonbotik ihes egiten dauena, eta, alderantziz, benetan erabilgarri egiten jakuna halako gaietan interesatuta gagozenontzako. IKTez ari da berton: komunikazio digitala, sare sozialak, hauek kudeatzeko tresnak, nortasun digitala…
Halaxe azaltzen dau Iraitzek berak:
Ongi etorri blog berri honetara!
Iraitz Madariaga naiz, kazetaria eta social media. Hori dela eta, begi bistan duzuen blog hau sortzea erabaki dut, ez baitago dakiguna elkarbanatzea baino hoberik. Beraz, hemen arituko naiz hemendik aurrera, social mediarekin zerikusia duen bizipen, albiste eta kontuak zuekin elkarbanatzen.
Argi dago bizi garen garaiotan ezinbestekoa dela sare sozialetan egotea edota gutxienez horiek kudeatzen jakitea, bai norbanakoentzako eta baita enpresentzako ere. Norbanakoen kasuan, garrantzia hartu du esate baterako lana bilatzerako orduan, Twitter, Facebook edota LinkedIn lan bilatzaile bilakatu baitira. Garrantzitsu bilakatu dira, baita ere, nerabeengan, beraz gurasoek ere hobe lukete zer diren jakin.
Enpresa edota taldeen kasuan, ezinbesteko erakusleiho bilakatu dira sare sozialak eta interneta orokorrean, egunerokoan zerbait behar izanez gero momentuan bilatzeko ohitura baitugu gaur egun, ohitura eta aukera, smartphoneekin minutu batean nahi beste zalantza edota beharrizan asetzen ditugu eta.
Badirudi sare sozialetan ez dagoena ez dela existitzen, eta hala gertatzen da, bapatekotasunean oinarritutako gizarte bat eraiki baita gure aurrean, eta nahi dugun hori bapatean agertzeko gai ez bada beste bat izango da nahi hori asetzen lehena.
Badira hiru bat urte social media bezala lantxoak egiten hasi nintzela, eta orain lan gabe nagoela sare sozialekin zerikusia duten zerbitzuak eskaintzen hasi naiz. Horien artean, sare sozialak nola erabili irakasten (Lea Artibai Ikastetxean jardun nuen langileei sare sozial ezberdinak erabiltzne irakasten), sare sozialetan sartu nahi duten enpresei begira tailerrak prestatzen ari naiz, baita iada sare sozialetan daudenei ondo egiten ari diren ala ez aztertzen (diagnosiak egiten ditut), gure zaharrei sare sozialak (mugikorrekoak zein ordenagailukoak) erabiltzen irakasteko proposamenak egiten ari naiz…Horiek dira gutxi gora-behera eskainiko ditudan zerbitzuak.
Horretaz aparte, hemen arituko naiz mundu zabal horren inguruko albisteez idazten eta zuek nahi izanez gero, zuen zalantzak argitzen. Beraz, gai bat proposatu edota galdera bat egin nahi izanez gero idatzi bildurrik gabe iraitz89@yahoo.es helbidera eta laguntzen saiatuko naiz.
Besterik ez, blogaren aurkezpena egin eta gero, elikatzea tokatzen da, beraz, laster arte! 😉
Amaitu aurretik aipatu behar, Twitter eta Facebooken ere topatuko dozuela Euskal Social Media (nola ez!) eta ez ahaztu, zerbitzu espezifikoak ere eskatu ahal zaizkiola Iraitzi:
https://twitter.com/EuskalSM/status/590903226876174338