Ez badago purpurinarik ez da nire Aste Nagusia

“If I can’t dance, I don’t want to be part of your revolution” zioen Emma Goldman, feminista, anarkista eta iraultzaileak; eta esaldi horri buelta bat eman diot (edo bi) oraingoan Bilboko Pinpilinpauxa konpartsaren inguruan berba egiteko.

Aste Nagusian zehar eta amaieran, nire Twitter jarioan jende asko ikusi dot Pinpilinpauxako purpurinaz kexu, baita Leticia Sabater eta Chimo Bayoz kexu eta azkeneraino ere, Pornoturnoa antolatu zutelako, non txosnako kamareroak erdi biluzik egon ziren. Hasieran, baten edo bestearen iritzi aislatuak iruditu zaizkidanak, zabaldu eta orokortu egin diren susmoa daukat.

#pinpilinpauxa #astenagusia #fiestasdebilbao #txosnak #bilbokojaiak #bilbao #laograquetodolologra

A photo posted by Soniko – Alatz Ugalde (@soniko) on

Bueno, ba jakizue: nire ustez zuen iritzi eta komentario horiek karka hutsak dira. Retrogradoak, intoleranteak, tradizionalistak eta nahiko erreakzionarioak. Alde batetik Pinpilinpauxa bera eta konpartsa honen baloreak zalantzan jarri dozuen baten bat ere ikusi dot (ez danak eeh), txosna eskumako-apolitiko gisa seinalatuz aukeratu dauzen artisten ondorioz; eta bai, nik bebai uste dot badaudela hainbat LGBT pop ikur ezkertiarrak (eta nire ustez ideologikoki aproposagoak) eta ez Sabater eta Bayo bezain eskuin pentsamendukoak, fatxak; baina aizuek, Pinpilinpauxakoek erabilitako irizpidea hauek aukeratzeko jaia izan zen, eta ez zuzeneko diskurtso ideologiko-politikoa. Eta ojo, jaia ere bada iraultza, “fight for your right to party” zioten Beastie Boysek, bizimodu estilo baten defentsa, dibertsitatearena eta elkar errespetuarena, iraultza ideologikoa-politikoa beraz (zeharkakoa, zuzenekoa ez bada).

Eta oraindik ere baten bat ez bada enterau, Pinpìlinpauxak ez dau ezer demostratu beharrik.

Purpurinaren jolasari dagokionez, lohia eta hortera dana a-mas-no-poder, hori ere transgresio modu bat da, juerga topera desfasatzea, konplexuak galtzea, norbere burua askatzea. Barre batzuk egitea eta albokoa errespetatzea. Irreberentzia kinkia. Bizimodu baten defentsa berriro ere, gizarte toleranteago bat, ekintza gitxi dira nire ustez hain iraultzaile, eta gizarte eraldatzaile, jolas honekin alderatuta.

Pornoturnoaren inguruan, batzuei ikusi dizkizuedanak jarrera asistentzial eta paternalistak direla iruditzen jataz, baina batez ere moral katoliko-apostoliko-erromatarra da ikusi dotzuedana. Ez dakit oso ondo zein den arazoa, zein den ezinegon eta desatsegintasun horren jatorria. Batzuentzako sexua eta sexu adierazpenak oraindik ere “kutreak” iruditzen zaizkizuelako eta logelaren pribatasunean gorde behar direla pentsatzen dozuelako. Antzina gaiztoa zena, pekatua, perbersoa, orain kutrea eta lotsagarria iruditzen zaizue. Ez dago aldaketa askorik egia esan. Ederto, segi horrela pentsatzen eta zeruko ateetan knock-knock egin eta San Pedrok txalo artean hartuko zaitu. Bien bitartean gure errealitate mundanoan besteren jarrera eta bizimoduak mugatu eta erregulatzen dituen opresore kolektiboaren parte izango zara. Bai, ez bazauz toleranteen alboan, de facto zauz intoleranteen/opresoreen alde, edo Desmond Tutuk esandako antzeko zeozer.

Baina lasai, pentsamendu horrek badauka sendagaia: Helen Torres, María Llopis, Itziar Ziga edota Diana J Torres bezalako autoreak gomendatzen dotzudaz.

Honen inguruan, nik uste badagoela beste jarrera perbersoago bat, tamalez. Jarrera paternalista edo protekzionsita, “honelako gauzek ez diote LGBT mugimenduari laguntzen”, “LGBT pertsonek horrela segitu ezkero gero nola hartuko ditugu seriotan?”, “nik euren mesedetan diot…”. Hara, ba jakin ezazu iritzi horrek berak sekulako kalte eta mina egiten diola LGBT askapen mugimenduari, eta gizarte osoari ondorioz. Infantilista da, erredukzionista, eta enpoderazioaren kontrakoa. Eta harroputza gainera, zuk badakizulako LGBT mugimenduak zer egin behar duen eta zer ez bere askatasunaren alde egiteko, eurek ez daukate putaidearik. Zure iritzi horrekin bestearen erabakitzeko askatasuna suntsitzen dozu, batez ere zure iritzia normaltzat (logiko eta arrunta) tratatua dan bakoitzean, gainontzeko pentsamenduak antinaturalak, desegokiak edo zuzenean txarrak direla asimilatuz.

Hara ba sartu ezazu iritzi hori ipurtzulotik, agian gustatuko zaizu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

Tresna-barrara saltatu